Harrikada Vitrogresek play-offetara pasatzea lortu du Espainiako Curling txapelketa mistoan 6. postua eskuratuta. Open formatuan egin den azkena izan da honako txapelketa; izan ere, 2018/2019an hasiko da kategoria desberdinetako txapelketa izaten bertan 10 talde lehiatzeko.

 

Espainiako Curling Txapelketa Mistoa apirilaren 13tik 15era bitartean garatu da Jakan. Bertan 14 talde aritu dira lehian eta horien arteko hiru Harrikadakoak izan dira. 3 taldetan banatu dira taldeak eta 6 hoberenek txapela nagusia eskuratzeko lehian parte hartu dute. Mistoko taldeak 2 emakumezko eta 2 gizonezko osatzen dituzte, guztiek jokoaren rol desberdinetatik pasatzen direlarik.

Harrikada Larrain (Oihane Ruiz, Josemi Vallés, Toñi Rodriguez eta Rubén Martínez del Pino) laugarren geratu da talde gorrian. Beste taldeak Jaca, Txuri Berri Cafés Aitona, Barcelona Obradó eta Hielo Pisuerga izan dira. Norgehiagoetan sendo egon den arren, ez du emaitza onik jaso Larrainek.

Zori okerragoa izan du Harrikada Arroyabek: ezin izan zuen Josune Albizu jokalariarekin kontatu lesionatu baitzen eta modalitate honetan ezinezkoa da jokalariak ordezkatzea. Hartara, Harrikadako koloreak Javier Goldarazena, Aihnoa Goldarazena eta Iosu Gabilondok defendatu behar izan zituzten izotzean. Talde berdean ezin izan zioten aurre egin haien aurkariei: Val d’Arán, Sporting l’Olla, Barcelona Shaw eta Txuri Berri Gorena.

Harrikada Vitrogresek (Iraitz Goldarazena, Lydia Vallés, Iñigo Ruiz de Eguílaz eta Belén Bárcena) hasiera hobea izan zuen talde urdinean Puigcerdà Panxing eta B-52 taldeen aurkako norgehiagoetan garaipenak eskuratuta; SVC Iparpolo talde gasteiztarrarekin izandako derbian ere maila ona mantendu zuten garaipenik lortu ez zuten arren. Taldeko bigarren geratuta, play-offetarako txartela eskuratu zuen Harrikada Vitrogresek. Finalerdietara pasatzeko partida Val d’Arán taldearen kontrakoa izan zen; oso partida estua. Azkenik, Harrikada Vitrogresek ez zuen finalerdietara pasatzeko txartelik eskuratu.

Gauzak honela, Harrikadak seigarren postua eskuratu du. Horrek esan nahi du, datorren ediziotik aurrera Federazioak abian jarriko duen sistema berrian gure klubak plaza bat lortu duela. Sistema berri honetan lehenengo maila bat egongo da eta bertan 10 talde lehiatuko dira. Sistema berri horrekin hobetu nahi dena da egungo ordutegi eta partiden metaketa, mantentzea ezinezkoa dena jokorako 3 kale edukita. 

Espainiako Mistoaren txapel nagusia Donostiako Txuri Berri Cafés Aitona taldeak eskuratu du, Gasteizko SVC Iparpoloren aurkako norgehiagokan donostiarrak gailendu baitziren. Zilarrezko postua Barcelona Shaw taldeak eskuratu du eta brontzea Val d’Aránek. Modu honetan, Donostiarrek lortu dute Kelownan (KAN) datorren irailean ospatuko den munduko txapelketarako txartela.

Harrikadak bere zorionik zintzoena helarazi nahi dio Txuri Berriri txapelagatik eta gainontzeko taldeei erakutsitako joko-mailagatik, urtetik urtera, lehiakorragoa.

Aupa Harrikada!