Harrikadak parte-hartze arrakastatsua izan du Jacan urriaren 14 eta 15a bitartean garatu den Rookien I. txapelketan. Bertan bi talderekin parte hartu du: Harrikada Construcciones Arroyabe eta Harrikada Traducción e Interpretación, T&I. Espainiako Izotz Kirol Federazio Errealak antolatu duen txapelketa honen helburua izan da 3 urte bitarteko esperientzia duten jokalariei aukera ematea halako lehiaketa batean parte hartzeko.
Harrikada T&I taldea Máximo Calvo, Maria José Audikana, Iñaki Garaigordobil eta Rita Marable jokalariek osatu dute eta Harrikada Arroyabe taldea Belén Bárcena, Josu Perlacia, Rubén Martínez del Pino eta Lydia Garaigordobil jokalariek.
Txapelketan 4 talde lehiatu dira: Harrikada Arroyabe, Harrikada T&I, Jaca eta Pisuerga/Bartzelonako kideez osatutako talde misto bat. Lehiaketa sistemak zehaztu bezala, taldeko sailkapenerako txanda bakarra egon da (round robin); horren arabera, sailkatutako lehenengo bi taldeek jokatu dute finala eta, 3. eta 4. postuan gelditu direnen artean brontzeagatik borrokatu behar izan dute.
Lehenengo txandan bertan Harrikaden arteko derbia izan dugu. Norgehiagoka oso berdinduta egon den arren, Arroyabek eraman du garaipena azken end-ean; ordura arte, berdinduta joan dira gure taldeak. Emaitza, 8-4. Ondorengo txandetan ez da emoziorik falta izan, nahiz eta gure bi taldeek ez duten garaipenik lortu.
Gauzak honela, bi Harrikadak, Arroyabe eta T&I, borrokatu behar izan dira brontzea eskuratzeko. Azkenik, T&I-k eskuratu du podiumeko hirugarren postua. Oraingoan ere emoziorik ez da falta izan: 6-5eko emaitza izan du brontzea eskuratzeko derbi honek. Azken harriak erabaki du zeinek eraman izan duen garaipena: Arroyaberen guardia-harrien artean behar zuen tartea lortu du T&I-ko take out zehatzak eta garaipena azken talde honek eskuratu du.
Finala oso bizkorra izan da eta Jacak Pisuerga/Bartzelona garaitu du bi puntuko aldearekin, hain zuzen ere, 10-8. Norgehiagoka zeinena izan den ez da argitu azken bi harriak neurtu diren arte; zalantzak egon dira eta extra end-a jokatzeko aukerak ere bai. Finaleko partida honek eta lehenengo sailkapen-txandan agerian utzi dute bi talde horien maila oso-oso berdintsua izan dela.
Gure zorionik zintzoena Jacari eta txapelketa honetan parte hartu duten gainontzeko taldeei. Harrikada Curling Klubak apustu sendoa egin du aukera emateko kirol honetan hasiberriak diren jokalariei antzeko maila izan dezaketen jokalariekin lehiatzeko. Modu horretan uste dugu kirol honen harrobia sendotuko dugula.
Rookien txapelketa honek baina bigarren zita bat izango du: Puigcerdàn datorren urteko apirilaren 21 eta 22a bitartean garatuko dena.