Harrikada Equipo de curling en Vitoria-Gasteiz
  • Euskera
  • English
  • Castellano

Harrikadak hiru talde izango ditu Espainiako txapelketan

Ostiralean hasiera emango zaio gizonezkoen Espainiako Curling Txapelketari, hain zuzen ere, bigarren mailako txapelketari. Bertan izango da Harrikada, ordezkaritza gehien izango duen kluba. Lehenengo mailara igotzeko bi postu daude eta 6 talde dira horiek eskuratzeko lehiatuko direnak.

Urte bat pasa da, jadanik, eta Harrikadako gizonezkoen taldeak prest dira Espainiako txapelketan lehiatzeko. Curlingeko klub batentzako parte-hartze historikoa: lauko taldeko norgehiagokan aritzeko inork ez du orain arte hiru talde aurkeztu. Aurreko txapelketan lehenengo mailari eutsi ezin izan zioten bi taldeei hirugarren bat gehitu zaio aurten, harrobitik sortutako gizonezkoek osatutakoa.

Jacan garatuko da txapelketa eta bertan berdea izango da, ezbairik gabe, nabarmenduko den kolorea. Otsailaren 1etik 3ra bitartean pebbleak estaliko du Jacako izotz pista, non aurkarien harriak kanporatzen saiatuko diren gureak.

Harrikada Orekak (Iñigo Ruiz de Eguílaz, Egoitz Gordo, Iosu Gabilondo, Iraitz Goldarazena eta Josemi Vallés) esperientzia ekarriko dute oraingoan, haiek izan ziren 2015ean garaile.

Harrikada Fundación Vitaleko kideak (Féliz Díaz de Lezana, Rubén Martínez, Máxi Calvo eta Javier Goldarazena) adi egongo dira maila berreskuratzeko haien bidean izango dituzten zailtasun eta probei aurre egiteko. Gogor eta amaiera arte borrokatu beharko dira, ordura arte aukerak egon ohi direlako.

Harrikada Curlstore (Javi Carasa, Iñigo Ruiz Alvarado, Josu López, Balta Moreno eta Josu Perlacia) taldea izango da sorpresarako aurtengo aukera. Garaipena lortzearen desira bidelagun izango dute gora iristeko bidean.

Aurkariak Hielo Pisuerga (Valladolid), Puigerdà Pànxing (Girona) eta Los Compadres (Málaga) izango dira. Nolanahi ere, araudiak dioenari jarraiki, Harrikadako taldeak haien artean lehiatu beharko dira hasierako norgehiagoetan.

Larunbat arratsaldean Round Robineko sailkapena izango dugu. Sailkapen horren arabera, lau talde hoberenak igandean lehiatuko dira gora igotzeko buelta batean, page formatuan. Lehenengo bi taldeek aukera gehigarria izango dute eta lehenengo sailkatuari zuzeneko saria emango zaio. Amaierako txanda batean jokatuko da gora igotzeko bigarren postua.

Zorte on eta harri onak Harrikadako taldeei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.