San Prudentzioren omenez Vitoria-Gasteizen ospatu den bonspiel hau izan da denboraldi honetako azken txapelketa nazioan. Norgehiagoka honek lagunarteko izaera du eta bertan parte hartu ohi dute lehiaketa ofizialetan titulua eskuratzeko lehiatu diren taldeek zein atzerritik etorritakoek. Hori guztia, lagunarteko giroan. Pixkanaka normaltasuna berreskuratzen joan den lehiaketa ofizialaren osteko azken txapelketa izan da honakoa; Araba elkargune gisa indartuz goana curlingeko familiarentzako. Txapelketa honetan garrantzitsuak dira pistan antolatzen diren estrategiak zein egindako jaurtiketak, baita pistatik kanpoko “hirugarren denborak” eta larunbat gauean egindako afari soziala ere.

Txapelketaren podiuma honakook osatu dute: Club Hielo Pirineo 1 (urrea), Puigcerdà La Tosa (zilarra) eta Jacetania Val d´Arán 2 (brontzea). Aurtengo sari banaketarako Ana del Val Sancho Arabako Kultura eta Kirol Saileko diputatuaren laguntza izan dugu. Eskertzekoa izan da Bakheko izotz pistara gerturatu izana kirol hau gehiago ezagutzeko eta San Prudentzioren omenez egindako ekitali hau laguntzeko.

Hiru egunez izotzean aritu dira 20 talde: talde nazionalak zein atzerritik etorritakoak. Urte batez gehiago Valence Vétérans talde frantsesaren eta Eskoziako East Kilbride taldearen parte-hartzea izan dugu. Era berean, talderik ez, baina munduko beste herri batzuetatik etorritakoak ere izan ditugu: alemanak, kanadarrak eta estatubatuarrak. Nazioko taldeak, honakoak: Jaca (Club Hielo Pirineo 1 eta 2, Jaca Val de Arán 1 eta 2), Puigcerdà (Puigcerdà Carlit eta Puigcerdà la Tosa), Bierzoko talde bat (Bierzo Curling) eta gure txapelketan debuta egin duten Rioja Curling Club-eko talde bat. 20 taldeko koadroa osatzeko hainbat Harrikada talde izan ditugu (Harrikada Bertako, Harrikada Fundación Vital, Harrikada Lacturale, Harrikada Orekai IT eta Harrikada Arroyo). Nesken nazio-taldeak ere parte hartu du datorren astean Kaunasen (Lituania) ospatuko den Europako txapelketa prestatzeko.

Kirol esparruari dagokionez, Schenkel formatua jarraitu da; hau da, aurrera begirako norgehiagokak lehian ari diren taldeen garaipenek zehazten dituzte. Ostiral arratsaldean eman zitzaion hasiera txapelketari hiru txandekin. Larunbateko txanden emaitzek zehaztu zuten igandeko hurrenkera. Finala jokatu zen jokalari gazte gehien zituzten taldeen artean. Eta, dirudienez, aurreko gauean izandako afariak eta gau-planak okerrera eragin ordez, batu egin izan zituen; izan ere, igandeko parteidetan giro ona izan zen eta haien pasioa den kirolean arituz ondo pasa zuten.

Eskerrak eman nahi dizkiegu txapelketa hau egiteko lagundu diguten guztiei: Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala, Vital Fundazioa, Neguko Kirolen Arabako Federazioa, Bertako igogailuak, Lacturale, Oreka IT, Arroyo interiorismo, Brasileña kafeak, Hirusta Kafe Pub, La Salve garagardoak, Mecanizados Iriarte, Barratxi Motor eta Las Nieves jatetxea. Eta, nola ez, Harrikada Curling Taldeko kideei, berriro lortu baitute bermez jokatu ahal izatea oso baldintza bereziak eskatzen dituen izotzean.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu Vitoria-Gasteizeko harmaietara gerturatu direnei, bai parte-hartzeko bai animatzeko. Eskerrik asko giro ona sortzen laguntzeagatik pistan zein kanpoan. Datorren urtean elkar ikustea espero dugu.

 
Google Photos Refresh Token invalid. Please authenticate from Photonic → Authentication.
Error encountered during authentication:
cURL error 77: 
See here for documentation.