Puigcerdàko XII. Nazioarteko Txapelketa amaitu da eta Harrikadak, ohi bezala, bertan parte hartu izan du. Oraingoan 3 talderekin. Denboraldiko erreferentea den lagunarteko honetan antolatutako bestelako jardueretan ere parte hartu izan dute gure hiru taldeek.
Gure klubeko 13 jokalarik 3 talde osatu dituzte: Bat (Josune, Nagore, Josefo eta Iosu), Bi (Toñi, Josemi, Oihane eta Lydia V.) eta Hiru (Rita, Josu, Lydia G., Iraitz eta Iñigo). Hirurak lehiatu behar izan dira Atlantikoko alde batetik zein bestetik etorritako taldeekin. Oso bestelako zoria izan dute gure Harrikadek, baina helburu behinena lortu dute: izotz baldintza bikainak izan dituen pistan kirola egiteko asteburuaz gozatzea.
Harrikada Batek arerio zailak izan ditu hasiera-hasieratik eta ez du haren jokorik onena lortu. Harrikada Hiruk hasiera ona izan duen arren, ez du horrela jarraitzerik izan. Harrikada Bik azken partidara arte borrokatu izan du podiumean plaza bat lortzeko, eskuratu ahal izan ez duen arren.
Lully talde suitzarrak eskuratu du txapelketako garaipena eta harekin batera tokiko Carlit eta Puigpedròs taldeek osatu dute podiuma.
2017ko edizioa iraganeko kontua da, baina ohore handiz esan dezakegu 2018ko ediziorako Harrikada izan dela lehenengo taldea izena ematen; hori lehen aipatutako bestelako jardueretan parte hartu eta garaipena eskuratzeagatik lortutako saria dela-eta.
Harrikadaren izenean Puigcerdá Curling Pànxing, Club Poliesportiu Puigcerdà zoriondu nahi dugu antolakuntzagatik eta egindako esfortzuagatik. Txapelketa honetan parte hartu duten 18 taldeak ere zoriondu nahi ditugu, haien babesa nahitaezkoa izan delako oso bestelako belaunaldi, baldintza, hizkuntza, jatorri eta sentsibilitateak batzen dituen kirolaren baloreak goraipatzeko. Beste taldeak: Puigcerdá (CAT) , Bartzelona (CAT), Sporting l’Olla (CAT), Harrikada (EUS), CCLO Bouddha Stones (SUI), Lully (SUI), The Roaring Stones (SCO), Golfbuds (SCO), Canata (SCO), Curl The World (USA), Nice Curling Club (FRA) eta Albertville (FRA).