[:eu]

Harrikada T&I taldeak (Traducción e Interpretación) bosgarren postua eskuratu du curlingeko emakumezkoen Espainiako txapelketaren lehenengo fase honetan, hain zuzen ere, play-offetan parte hartzeko aukera ematen zuen fasean. Hortaz, ez du aukerarik izango podiumeko posturen bat eskuratzeko. Zazpi taldek parte hartu dute lehenengo fase honetan eta martxoaren 23tik 25era bitartean garatuko den bigarren fasean argituko da zeinek lortzen duen txapela.

Belén Bárcena, Oihane Ruiz, Toñi Rodríguez, Josune Albizu eta Lydia Vallések osatutako taldeak bi garaipen eta lau porrot izan ditu. Zoritxarrez, egindako lana ez da nahikoa izan play-offetako fasera pasa ahal izateko. Txapelketako fase honen amaiera arte ez da argitu aukera hori posiblea zen edo ez eta, gainera, ez da haien esku egon aukera hori; horretarako nahitaezkoa zen Puigcerdà Panxing eta Hielo Pisuergaren arteko lehian bigarrengoek irabaztea. Puircerdako skipak definitutako jaurtiketa bikaina dela eta, haien esku geratu zen garaipena, gure Harrikada T&I taldearen zoritxarrez.

Txapelketari martxoaren 2an eman zitzaion hasiera Jacako itzotz pistan. Harrikadari dagokionez, Hielo Pisuergaren kontrako lehiarekin eman zitzaion hasiera txapelketari. Berdindutako partida izan zen, oso; eta Pisuergako taldeko azken harriak haiei eman zien garaipena 4-5 emaitza utzita.

Porrota argiagoa izan zen SVC Iparpolo talde gasteiztarraren aurka jokatutako partidan. Harrikada T&I-k ez zuen aukerarik izan harri bat bera ere etxean uzteko, azkenik 9-0ko emaitza eskuratuta.

Harrikada T&I-ren garaipenak Puigcerdà Pànxing taldearen aurka lehiatutako partidari esker hasi ziren etortzen, 4-7. Gure taldeak aldeko markagailua izan zuen partida osoan zehar. 

Sentsazio on horiek jarraitu zuten Txuri-Berri Cafés Aitona Donostiako taldearen aurka jokatutako partidan. Aukerak izan zituen Harrikada T&I-k atsedenaldira arte, nahiz eta garaipena donostiarrek eskuratu zuten 7-4ko emaitza utzita.

Play-offetan zuzenean sartzeko aukera bakarra zen Val  d´Aran taldea garaitzea, une horretara arte sailkapenean bigarren zegoen taldea. Beste behin, atsedenaldira arte markagailua oso berdinduta egon zen, baina gure jokalariek ezin izan zuten garaipenik eskuratu eta 9-4 geratu zen markagailua. Horrek gure jokalarien esku ez zeuden faktoreetan utzi zituen haien play-offetara pasatzeko aukerak.

Azken garaipena Madid B-52 taldearen kontra izan zen; 7-4 amaitu zuen partida. Nolanahi ere, begiradak ondoko pistetan zeuden jarriak besteen emaitza jakin batzuek gure neskei aukera emango zietelako play-offetan sartzeko. Aukera horiek, zoritxarrez, ez dira gure aldekoak izan.

Round-robin sailkapenerako fasea horrela gelditu da: Txur-Berri (6-0), Val d’Aran (5-1), SVC Iparpolo (4-2), Hielo Pisuerga (3-3), Harrikada T&I (2-4), Puigcerdà Pànxing (5-1) eta Madrid B-52 (0-6). Zorionak sailkatutakoei eta animo asko gure neskei.

Aupa Harrikada!